Berdin Blai Gela doako online espazioa izango da 2025etik aurrera, berdintasunaren arloko ezagutzak handitzeko eta zentroak antolatutako jardueretan genero-ikuspegia integratzeko interesa duten Euskal Etxeetako kide guztientzat. Malgutasunean oinarritutako metodologia izango du eta ordutegiak eta ardurak aukeratu ahal izango dira. Hala, bakoitza bere erritmora sartu ahal izango da prestakuntza-saioetara. Horrek aukera emango du orain arte antolatutako saioetan parte hartzeko zailtasunak izan dituzten pertsona guztiek prestakuntzarako sarbidea izateko, izan ordutegiagatik edo proposatutako asteko egunagatik.
Halaber, Berdin Blai Gela sentsibilizaziorako espazioa izango da, arlo horretako beste baliabide batzuen estekei esker.
2021ean prestakuntza-saioak martxan jarri zirenetik, Argentina, Txile, Peru, Kolonbia, Venezuela, Uruguai, Brasil, AEB eta Europako Euskal Etxeetako 120 pertsona inguruk hartu dute parte genero-ikuspegia zentroetan egindako jardueretan integratzen ikasteko formazioetan eta trebakuntza-saioetan, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko hainbat gai jorratuz. 2025eko helburua da arlo horretan formatzeko interesa duten Euskal Etxeen sarea handitzen jarraitzea, eta, aldi berean, espazio horietan tratatu beharreko gaiak zabaltzea.
Berdin Blai Gela datozen hilabeteetan jarriko da martxan, bi prestakuntza-proposamenekin. Aurki ezagutaraziko da egutegia.
Formatu berri horren bidez, bi prestakuntza-ekintza berri eskainiko dira:
- Berdintasuna, Euskal Etxeen kudeaketaren kalitatezko elementua.
- Indarkeriari eta emakumeen aurkako indarkeria matxistaren prebentzioari buruzko oinarrizko kontzeptuak.
Urte hauetan zehar egindako saioak kontsultatu nahi dituen pertsona orok eskuragarri du informazioa webguneko PRESTAKUNTZA atalean.