Nekazaritza-gizarteetan sortu zen antolaketa-eredu soziala, politikoa eta ekonomikoa da. Gizon heldu batzuek emakumeak eta haurrak mendean hartzen dituzte jabetza transmititu eta seme-alaben legezko filiazioa bermatzeko. Emakumeak eremu pribatuan geratzen dira eta erreprodukzio-funtzioa dagokie, gizonek, aldiz, eremu publikoa hartzen dute. Hitzez hitzeko zentzuan aiten gobernua esan nahi du. Patriarkatuaren inguruko eztabaidak historiako hainbat garaitan izan dira eta XX. mendean berriz hartu zituen mugimendu feministak 60ko hamarkadatik aurrera, emakumeek pairatzen zuten zapalkuntza- eta menderakuntza-egoera azaltzeko eta askatasuna ahalbidetzeko arrazoiaren bila. Gerda Lernerrek (1986) zentzu zabalean honela definitu zuen: “familiako haurren eta emakumeen gaineko nagusitasun maskulinoaren adierazpena eta emakumeekiko nagusitasun hori gizarte osora zabaltzea”. Patriarkatuaren inguruko teorizazioak funtsezkoak izan ziren feminismoaren askotariko korronteak garatzeko, bertsiorik erradikalenean, esaterako, feminismo marxista eta materialista. (www.amnistiapr.org/educacion/presentaciones/glosarioterminos.pdf)