Bibiane Schulze-Solano, euskal sustraiak dituen Athletic Clubeko eta alemaniako jokalariaren olinpiar domina
Bibiane Schulze-Solano (Alemania, 1998) Athletic Clubeko defentsa da talde zuri-gorriaren mugaz gaindiko ordezkari bakarra eta 2024ko Parisko Olinpiar Jokoetan (uztailaren 3an) eta 2025eko Eurokoparako sailkatzeko Islandiaren eta Austriaren aurkako partidetan jokatzeko deitu zuen Alemaniako selekzioak.
Bibiane-ri elkarrizketa
Konta iezaguzu, zer lotura duzu Euskadirekin eta nola hasi zinen Athletic Clubeko emakumeen taldean?
Ama Ispasterrekoa da (Bizkaia) eta txikitatik erakutsi zizkigun bere sustraiak eta transmititu zigun bere kultura. Ni jaio aurretik, ama eta aita Bilbon bizi izan ziren, baita Hong Kongen eta Indonesian ere. Hor jaio ziren nire anaiak eta nire ahizpa zaharra. Azkenik, lan-kontuengatik Alemaniara joatea erabaki zuten, Bad Sodenera zehazki. Han jaio ginen nire anaia txikia eta ni. Beraz, nire anai-arrebak eta ni Alemanian hezi ginen, baina euskal kultura eta gastronomia biziz uneoro eta oporrak Euskadin pasatzen genituen, familiarekin egoteko.
Athleticekin, hasiera zaila eta gorabeheratsua izan zen. Alde batetik, oso berezia izan zen familian beti babestu dugun taldean jokatzea eta Athleticen eta nire familiaren babesa izatea. Bestalde, zaila egin zitzaidan hemeretzi urtez nire etxea izandakoa uztea eta nire fitxaketak zalaparta handia sortu zuen.
Zerk motibatu zaitu Athletic Cluben moduko talde batean jokatzeko? Laguntzarik izan duzu?
Athleticen moduko talde batean jokatze hutsa bada nahikoa motibazio talde horrek fitxatzeko. Taldea berdingabea dela eta familia-giroa dagoela esaten da. Eta nik hori bizi ahal izan dut. Azken batean, jende berdinarekin egiten dugu lan eta jokatzen dugu, beraz, asko ezagutzen dugu elkar. Horrek eroso sentiarazten zaitu eta atzean familia bezainbeste babesten zaituzten pertsonak izatearen lasaitasunarekin jokatzen duzu.
Euskaditik kanpo bizitzea zailtasuna izan zen Athletic Cluben moduko talde batek fitxatzeko garaian?
Beti da zaila lehen aldiz etxetik ateratzea, baina ez nuen bi aldiz pentsatu. Esan dudan moduan, asko lagundu zidan familia gertu izango nuela jakiteak eta hori babes garrantzitsua izan zen niretzat.
Nolakoa izan da zuretzat azken Olinpiar Jokoetan Athleticeko jokalari bakarra izatea? Nola ikusten duzu emakumeen futbola Olinpiar Jokoetan?
Olinpiar Jokoetan Athleticeko ordezkaria izatea oso berezia izan zen niretzat. Olinpiar Jokoak esperientzia berdingabea dira kirolari batentzat. Ahalik eta gehien disfrutatu ahal izan nuen eta gertatzen ari zaizkidan gauza on guztiak baloratu. Zaila da une hori berriro bizi ahal izango duzun jakitea.
Olinpiar Jokoek aukera ematen dute beste une batzuetan halako ikusgarritasunik ez duten kirolak ikusarazteko. Jende askoren babesa izateko eta merezi duten garrantzia emateko aukera ematen dute. 15.000 pertsonak ikusi zuten batez beste emakumeen futbol-partida bakoitza eta Parisko Parc des Princesen jokatu zen finala 45.000 pertsona inguruk ikusi zuten.
Eta futbolean, oro har, emakume izateagatik diskriminazioa dagoela uste duzu egun?
Futbolak gizonen kirola izaten jarraitzen du. Egun, oraindik ere entzuten da emakumeen futbola ez dela gizonena bezain interesgarria eta ez duela hainbeste diru-sarrerarik sortzen. Hala ere, adibide argi batzuk badaude, gauzak ondo eginez gero interesa sortzen duen kirola dela frogatzen dutenak. Ingalaterrako liga da horren adibide. Interesekoa da? Hobeto jokatzen dute eta horregatik sortzen dituzte diru-sarrerak? Ez, ez dut uste. Azken munduko txapelketa Espainiak irabazi zuela ikusita, emakumeen futbolaren baldintzei eta ikusgarritasunari buruzko gogoeta egin beharko litzateke.
Emakumeen futbolak zer bilakaera izan du profesional gisa jokatzen hasi zinenetik?
Asko aldatu da. Gogoan dut jokatzen hasi nintzenean eta, ondoren, Alemaniako lehen mailan nengoenean, herriko gizonezkoen taldearekin partekatzen genuela aldagela entrenamenduetan. Garai batean ez genuen ez fisioterapeutarik, ez medikurik izan. Horri dagokionez, Athletic talde aitzindaria da, eta beste talde batzuk baino aurreratuago dago.
Emakumeen futbolean erreferenteak izatea garrantzitsua iruditzen zaizu? Zure kasuan, euskal kirolari erreferenterik izan duzu? Neska gazteentzako erreferentetzat duzu zeure burua?
Oso polita eta garrantzitsua iruditzen zait gaur egun gazteek emakumezko erreferenteak izatea. Ni jokatzen hasi nintzenean, ez nuen erreferenterik izan eta uste dut figura horiek ikusaraztea lagungarria dela. Ilusioa egiten du eredu bat izateak. Oso polita da neska eta mutil erreferenteak izatea jokalari horrek dituen balioengatik edo berarengatik miresten duzun horrengatik.
Ni saiatzen naiz gazteentzako eredu izaten orain arte bizi ahal izan dudan guztiarekin eta guztia beti lerro zuzena ez dela ikusarazten. Batzuetan, oztopoak igaro behar dira gora iristeko. Noizbait lortuko duzu ala ez, baina ahalegina, fedea eta lana ez daitezela izan hori ez lortzeko arrazoiak.