
Ana María Erausquín Etcheverry San Nikolaseko (Argentina) euskal zentroko lehendakaria
Ana María Erausquín Etcheverry San Nikolaseko (Argentina) euskal zentroko lehendakaria da, eta 2017az geroztik dihardu kultura, konpromisoa eta elkartasuna darion euskal etxe horren aurrean. Oso familia-tradizio matriarkal baten alaba da, eta haren begirada lasai baina irmoak aztarna nabaria utzi du bizitza komunitarioan. Elkarrizketa honetan luze-zabal aritu da bere esperientziaz, lider izateko bere moduaz eta emakumeek diasporako euskal komunitatearen eraikuntzan duten funtsezko zereginaz.
Anari elkarrizketa
Noiztik du Euskal Etxeak emakume bat erantzukizuneko postuetan, lehendakari edo lehendakariorde gisa, adibidez? Nola eragin du horrek emakumeek erakundean bete izan duten edo gaur egun betetzen duten rolean, bereziki erabakiak hartzeari eta kudeaketari dagokienez?
Gure Euskal Etxearen lehendakaria emakume bat da 2017ko abendutik aurrera, orduantxe hartu bainuen kargu hori nire gain. Historian zehar, zentro horren ordezkaritza orekatua izan da Batzordearen osaeran.
Erabakiak hartzeari dagokionez, nire estiloaren oinarria adostasuna da. Nahiz eta ideiak proposatzen ditudan eta nire ikuspegia adierazten dudan, elkarrizketatik eta errespetutik izaten da, sekula ez inposiziotik. Irmoki uste dut entzute aktiboa hazkunde kolektiborako tresna bat dela.
Eguneroko kudeaketan, idazkariarekin besoz beso egiten dut lan —emakumea da bera ere—. Irizpide eta jarduteko modu berak ditugu, eta horrek asko errazten du koordinazioa.
Presidentzia nire gain hartu nuenetik, erakundea zaintzen saiatu naiz, baina baita espazioaren alderdi estetiko eta sinbolikoa ere: ordena, azalpen xeheak, garbitasuna eta erosotasuna. Niretzat, Euskal Etxea etxe baten modura sentitu behar da: erosoa, zaindua eta irekia.
Zure Euskal Etxeak ardura-karguetan emakume bat duenetik, genero-berdintasuna txertatu duten programak, lan-planak edo jarduera espezifikoak garatu al dituzue, eta horrek nola laguntzen du gaur egun berdintasun-balioak sustatzen?
Lehendakaria naizenez geroztik, nire apustua Euskal Etxe irekia, bateratzailea eta kulturarekin sakonki konprometitua izan da, nola euskal kulturarekin hala bertakoarekin, gure kasuan, San Nikolaskoarekin. Ildo horretan, tailer kulturalak bultzatzen ditugu: bat pinturakoa eta bestea literaturakoa. Testuak irakurri ez ezik, bertsoak eta prosa sortu ere egiten dira. Gainera, partaideak motibatu egiten ditut etengabe, literatur lehiaketetara aurkez daitezen bai Euskal Herrian bai maila nazionalean.
Adibidez, musarekin oso harro gaude. Oro har, gizonen jokotzat hartu izan den arren, gure Euskal Etxean emakume-talde batek suspertu du, María Teresa Fernández buru dabilela. Gaur egun, 18 emakumek eta hiru gizonek soilik eusten diote tradizioari, eta euskal kultura emakumeek hartu dezaketen eta hartu behar duten espazio bat dela erakusten dute.
Bestalde, gure zentroaren elkartasun-bokazioa nabaria da. Programa bat dugu gabeziak dituzten eskolekin: haurrak zentrora etortzen dira hamaiketakoa hartzera eta, janariaz gain, gure kultura transmititzen diegu dantzaren, musikaren eta tradizioen bitartez. Ekimenaren buruak emakumeak gara batik bat, sukaldean hasi —oilasko-paella ere egiten dugu batzuetan— eta jakinduriaren transmisioarekin buka.
Berdintasuna gure etxean sakon errespetatzen den balio bat da. Beharbada, nire adinak edo izaerak eragina dute, baina ez da zalantzan jartzen. Dena den, beti galdetzen dut eta elkarrizketa sustatzen dut, baita eraikinean konponketak egin behar direnean ere, adibidez, arretaz zaintzen baitugu hondatu ez dadin.
Euskarari begira, Euskara Munduan programan trebatutako bi irakasle ditugu. Haiek bideratzen dute hizkuntzaren erabilera gure jarduera guztietan. Egiten ditugun gauza guztietan, euskara eta gaztelania batera daude, bizirik dauden hizkuntza gisa: kartelak, jarraibideak… Berdina gertatzen da dantza-taldearekin. Hizkuntza maiz erabiltzen da, eta dantzari gehienak emakumeak dira.
Berdintasunari dagokionez, zer erronka du aurrean Euskal Etxeak? Nola aurre egingo zaie erronka horiei eta etorkizunean izango diren aukerei?
Zorionez, berdintasunaren harira, gure Euskal Etxean ez dago barne-erronka nabarmenik. Emakumeen eta gizonen arteko errespetua beti izan da balio partekatua eta sakonki errotua gure komunitatean.
Hala ere, bazkideren bati eragin izan dioten egoera konplexuetan jardun behar izan dugu. Esate baterako, zentroko bi ahizpak abusu-egoerak jasan zituzten familia barruan, Euskal Etxearen eremutik kanpo. Horren aurrean, erantzuna ahobatezkoa izan zen: Euskal Etxeko emakumeok eta gizonek bat egin genuen ahizpak babesteko, bidean laguntzeko eta behar zutenarekin sostengatzeko.
Orduz geroztik, elkartasun eta euspen hori etengabekoak izan dira. Laguntza psikologikoa, aholkularitza juridikoa eta gure esku dagoen guztia eskaintzen dugu behar dutenei laguntzeko. Gainera, gure instalazioak psikologia eta psikopedagogiako profesionalentzat zabalik daude. Hitzaldiak eta tailerrak egin izan dituzte, eta modu aktiboan parte hartzen dugu ahal dugun guztietan.
Etorkizunari begira, gure konpromisoa ekintza-ildo horri eustea da: kultura, elkarrekiko zaintza eta ekitatea bizimodu gisa sustatzen dituen Euskal Etxea.
Zer esan nahiko zenieke zure moduan Euskal Etxeetan komunitatea eraikitzen ari diren beste emakume batzuei?
Esango nuke gauza asko lor daitezkeela borondatearekin, gogoarekin eta, batez ere, elkarrizketatik, ez inposiziotik. Gauza gehienak, nire ustez. Emakumeok elkarri laguntzen diogunean eta bidea batera egitean dugunean, aukerak ugaritu egiten dira.
Neure historia pertsonalean, eredua emakumeengandik etorri da beti. Familian, amonak sekulako matriarkatuaren buruak ziren. Emakume indartsuak izan ziren, alargun bihurtuak oso gaztetan. Aurrera egiten jakin zuten, ordea, ausardiaz, landa-jardueretan lan eginez eta gizonak gehiengoa ziren taldeen buru arituz. Beti errespetatuak, beti irmo. Legatu hori transmititu zidaten eta neureganatu egin nuen, Euskal Etxean eta familia-bizitzan ere bai.
Ez alferrik, gizonezko familia bateko emakume bakarra naiz, eta horrek markatu egin zuen munduan egoteko nire modua. Egokitu zitzaidan rola zintzotasunez onartu nuen, eta horretan dihardut oraindik ere. Nire etxean, emakumeen figura oso indartsua izan zen, eta horrela jarraitzen du. Espiritu hori Euskal Etxera eramaten saiatzen naiz, lehendik egon zirenak omentzeko eta datozenei bidea zabaltzeko.