Azaroaren 25ean, Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunean, Eusko Jaurlaritzak indarkeria matxista oro salatu du eta gizarteari dei egin dio emakumeen aurkako indarkeriari elkarrekin aurre egiteko. “Indarkeria matxista ukatzea haren alde egitea da. Batu gaitezen geldiarazteko” kanpainaren leloak herritarrak interpelatzen ditu, emakumeen aurkako indarkeria ezerezten duten diskurtsoei aurre egiteko.
Kanpainaren spotean indarkeria ukatzen duten esaldi batzuk ageri dira, hala nola: “Emakumeen aurkako indarkeria asmakizun bat da”, “Indarkeriak ez du generorik” edo “Beste herrialde batzuetan matxismoa dago, ez hemen” eta datu batekin erantzuten die: 2023an, emakumeen aurkako indarkeriagatik 6.513 salaketa erregistratu ziren.
Eusko Jaurlaritzak, beste erakundeekin eta oro har gizartearekin batera lan egiten jarraitzeko duen konpromisoa berresteko, “Indarkeria matxistaren prebentzioa Euskal Etxeen bidez: Prebentzio eta Jarduketa Protokoloen garrantzia” hitzaldia eskaini zuen SORTZEN aholkularitzak Berdintasunerako Eskolaren barruan. SORTZENek indarkeria matxista aztertzen du eta jarduketak egiten ditu eta ibilbide luzea du emakumeen aurkako indarkeriaren arloko sentsibilizazioan eta prebentzioan, bai eta herritarrentzako eta arlo sozialeko, juridikoko, osasuneko eta hezkuntzako langileentzako prestakuntzan ere.
Gainera, gure Euskal Etxeek ere bat egin dute indarkeria matxista ororen aurkako gaitzespena adieraziz, egun horretan antolatutako hainbat ekintzaren bitartez. Hala, ekintza batzuek sentsibilizazioa sustatu dute, Emakunderen kanpainako kartelen bitartez. Beste jarduera batzuk informatzeko eta prestakuntza eskaintzeko izan dira; hitzaldien, mahai-inguruen, tailerren edo kanpaina propioen bitartez.
Komunikabideak, hala nola irratia edo sare sozialak, ere presente egon dira berdintasunaren gaia mahai gainean jartzeko, emakume garrantzitsuei egindako elkarrizketen bitartez edo egun horri ikusgarritasuna emateko kartelekin edo irudiekin. Gainera, beste kultur eta kirol-jarduera batzuk ere egin dituzte, besteak beste, kontzertuak edo ibilaldiak.
Euskal Etxeek egindako ekintzak kontsulta ditzakezu JARDUERAK kontsultatuz