AZAROAREN 25EKO ADIERAZPEN INSTITUZIONALA. EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA EZABATZEKO NAZIOARTEKO EGUNA
Gaur, azaroak 25, Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta, Eusko Jaurlaritzak indarkeria matxistaren adierazpen guztiak gaitzetsi nahi ditu, eta gizarteari dei egin nahi dio bat egin dezagun emakumeen aurkako indarkeria matxista geldiarazteko eta indarkeria jasaten duten emakumeen inguruko sarea sortzeko.

Gobernu honek 4.500 euskal emakumeri egindako “Emakumeen aurkako indarkeriari eta pertsonen arteko beste indarkeria-mota batzuei buruzko inkestak” emaitza sendoak utzi dizkigu: Euskadin bizi diren 16 eta 85 urte bitarteko emakumeen % 48,2k indarkeria-motaren bat jasan du bizitzan zehar noizbait, bikotearen barruan edo kanpoan. Euskal Autonomia Erkidegoko bi emakumetik batek.
Datuek arazoaren sendotasuna erakusten badute ere, arazoaren dimentsioak ezkutuan jarraitzen du neurri handi batean. Salaketak % 15era iristen dira, baina bada datu garrantzitsu bat: emakumeen % 80k lagunei, senideei, lankideei, inguru hurbilean daudenei kontatzen dio geratzen ari zaiona. Emakumeek kontatu nahi dute, ahal duten moduan kontatzen dute indarkeria pairatzen ari direla.
Beraz, gizarteak erantzun egin behar du. Indarkeria jasaten duten emakumeak entzun, lagundu, ulertu eta artatu behar ditu, eta sentitu behar du indarkeria ez dela emakume batzuen arazo pertsonala, gizarte osoaren arazoa baizik. Emakumeek ezin diote bakarrik aurre egin egiturazko eta dimentsio handiko arazo honi. Ez da haien arazoa soilik, gizarte osoarena baizik. Hortik dator euskal erakundeek azaroaren 25ean bultzatu duten kanpainaren leloa, indarkeria jasaten duten emakumeei eta gizarte osoari zuzendutako mezu bihurtzen dena: “Ez da zure arazoa bakarrik, gurea ere bada”.
Eusko Jaurlaritzarentzat, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte bat lortzea lehentasuna da, eta indarkeria jasaten duten emakumeen eskura jartzen ditugu haiek artatzeko ditugun baliabide eta zerbitzu guztiak, 900 840 111 telefonoa izanik hauetara heltzeko sarbide nagusia.
Azkenik, indarkeria matxistak erail dituen emakumeak gogoratu nahi ditugu, gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu baita ere indarkeriatik bizirik atera direnei, eta, horrekin batera, herritarrak animatu nahi ditugu azaroaren 25ean antolatuko diren deialdietan indarkeria matxistaren aurrean gaitzespena publikoki adierazi dezaten, horrela emakumeen aurkako indarkeria gizarte osoaren arazoa dela erakutsiz.
Ba al zenekien urtero abenduan Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dela?
Eusko Jaurlaritzak sustatutako 2025erako Euskararen Nazioarteko Egunaren lelo ofiziala “Euskara, zugan, nigan, gugan” da. Ezagutu adierazpen instituzionala.
EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA 2025. ADIERAZPENA

Euskarak bide luzea egin du.
Luzeena, agian, Europa zaharrean.
Eta hala ere, bere bidea ez da amaitu: bizirik dirau, hazi eta berritzen ari da.
Zein da sekretua?
Zein indar, zein ilusio izan da gure hizkuntza gaur arte ekarri duena?
Milaka urte, milaka pertsona, milaka amets eta ahalegin.
Norbanakoen indar isilak, belaunaldiz belaunaldi, gure hizkuntza zaharra gazte bihurtu du.
Debekuen aurrean, eutsi genuen.
Isilaraztearen aurrean, hitza berreskuratu genuen.
Euskara, gure zaharren hizkuntza izatetik, gazteen hizkuntza izatera pasa da.
Argi-izpi berri hauekin marraztuko dugu etorkizuna.
Euskararentzat aukera berriak zabalik daude.
Hazi eta berritu dadin lanean ari gara.
Bizi garen mundu nahasi eta aldakor honek, ordea,
zaildu egiten du komunitatearen indarra eta zentzua.
Hiztun-komunitatea ez da berez mantentzen.
Zaindu, elikatu eta piztu egin behar da.
Horregatik, unea da.
Euskararen erabilerarako eta transmisiorako bide berriak jorratzeko unea.
Aisialditik lan munduraino, eta norbanakotik erakundeetaraino, euskaraz hitz egiteko gune
erosoak sortzeko unea.
Belaunaldi berrien artean euskararen transmisioa indartzeko unea.
Euskararen ezagutza zabaltzeko unea.
Erabilera sustatuko duten ingurune biziak zaindu eta berriak irabazteko unea.
Euskararen biziberritze-prozesuari segurtasuna emateko indarrak biltzeko eta urrats berriak eta ausartak egiteko unea.
Asko dugu egiteko, badugu zer hobetu.
Eta prest gaude!
Euskaraz dakiten eta oraindik ez dakitenekin batera.
Elkarrekin egiteko
Eskerrik beroena urte luzez euskara bizi, euskaraz bizi eta biziarazi dutenei.
Zuen lan isilak ekarri gaitu honaino, eta etorkizunak oraindik ere zuen beharra du. Pozetik, atxikimendutik, ilusioz eta emozio positiboetatik abiatuta, euskarari distira emateko,
Eta euskara guztion hizkuntza bihurtzeko
Euskara da! Guztiontzat da.
Euskara ezagutzen ez dutenentzat ere, ate berri bat da.
Batzen gaituen hizkuntza bat.
Elkar ulertzeko gonbidapen bat.
Mundu berri bat irekitzen zaio euskarari. Eta euskararekin, edonori.
Ate berriak zabaldu eta lur zoru berriak landuko ditugu, denon artean.
Hazi emankorragoak ditugu lur berria ereiteko.
Atzeak erakuts diezagula aurrea nola dantzatu.
Norberetik hasita egingo dugu bidea.
Guztion baitan baitago euskararen jauzia. Zugan, nigan, gugan
AUKERA BALIATU NAHI DUGU “FEMINISMOA ETA BERDINTASUNA” HIZTEGIA AUKEZTEKO
Hiztegi hau Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak egin du, Emakunderekin elkarlanean. Lehen aldiz, erabiltzaileen eskura jarri da gure gizartearen garapenerako eta sexu-berdintasunerako kultura baten sustapenerako gaur egun hain beharrezkoa den terminologia. Sailaren ikuspegitik, aurrerapauso garrantzitsua da, hiztegiak modu zehatzean eskaintzen baititu Feminismoaren eta Berdintasunaren arloko oinarrizko terminoak eta haien kontzeptu eta definizioak. Gainera, definizio horietan ez dira legeetan jasotako edukiak soilik bildu, baizik eta mugimendu sozialetatik eratorritakoak eta nazioartean erabiltzen direnak ere jaso dira. Hala ere, beti ez da erraza izan guztiak uztartzea definizio bakarrean

