Euskal diasporako emakumeen lidergoari buruzko ikerketa bat aurkeztu zen Zortziak Bat sinposioan, Jaialdi 2025 ekitaldiaren baitan, Boisen (Idaho). Euskal Berdintasunerako Eskola – Euskal Etxeak erakundeak bultzatutako proiektu hau IRRINTZIAK emakumeen artxibo historikorako testigantzak biltzeko ekimenaren barruan kokatzen da, eta “Empowering Change: Promoting Gender Equality within the Basque Diaspora” izenburupean aurkeztu zen. Aurkezpena identitatea, hizkuntza eta eraldaketa soziala ardatz zituen bloke tematikoaren baitan egin zen.
Ikerketa hainbat herrialdetako Euskal Etxe batzuen buru diren emakumeen testigantzetan oinarritzen da, Euskal Diasporari egindako ekarpena aitortuko duen ahozko eta ikusizko memoria historikoko artxibo bat sortzeko helburuarekin. Testigantzen bilketa eta proiektuaren aurkezpenean, beka-dun gisa parte hartu zuten Naiara Nájera Etxeandiak eta Ainhoa Nieva Zuluagak.
Azpimarratutako joeren artean honako hauek nabarmendu ziren: zuzendaritza-batzordeetan emakumeen presentziaren hazkundea —kasu batzuetan %75eraino—, lidergo horizontalago eta belaunaldien artekoagoen agerpena, eta Euskal Etxeek emakumeentzat espazio seguru eta parte-hartze aktiborako gune gisa duten balioa. Era berean, berdintasunarekiko konpromiso gero eta handiagoa azpimarratu zen, protokoloen eta prestakuntza-ekimenen bidez.
Rowing Together (Elkarrekin arraunean) lelopean egin zen Zortziak Bat sinposioan parte hartzeak proiektu hau diasporaren etorkizunari buruzko eztabaida akademikoaren erdigunean kokatu zuen, eta 2026ra begirako proiekzioa indartu zuen.


