
Berdin Blai Gela, 2026ko martxoaren 8aren inguruan abiaraziko den doako eta onlineko espazio berria, Euskal Etxeetako kide guztiei zuzenduta dago, berdintasunaren arloan eta genero-ikuspegia beren zentroek antolatzen dituzten jardueretan txertatzeari buruzko ezagutzak zabaldu nahi dituztenei bereziki.
Ikuspegi malgu bati esker, parte-hartzaile bakoitzak bere ordutegiak eta dedikazio-maila aukeratu ahal izango ditu, prestakuntza-saioetara bere erritmoan sartzeko aukera emanez. Eredu honek ikaskuntzarako sarbidea erraztu nahi du, ordutegi edo eguneko bateraezintasunengatik orain arte prestakuntzetan parte hartu ezin izan duten pertsonentzat.
Horrez gain, Berdin Blai Gela sentsibilizazio-gune bihurtuko da, berdintasunari eta generoari buruzko intereseko beste baliabide batzuetarako estekak eskainiz.
2021ean abian jarri zenetik, Euskal Etxeetako 120 lagun inguruk parte hartu dute prestakuntza-saio horietan beren zentroetan antolatutako jardueretan generoaren ikuspegia nola txerta dezaketen jakiteko. Euskal Etxe horiek herrialde hauetan daude, besteak beste: Argentinan, Txilen, Perun, Kolonbian, Venezuelan, Uruguain, Brasilen, AEBn eta Europan. 2026era begira, helburua da gai horretan prestakuntza jasotzeko interesa duten Euskal Etxeen sarea zabaltzea eta lantzen diren gaiak are gehiago dibertsifikatzea.
Berdin Blai Gela hurrengo hilabeteotan jarriko da martxan, hiru prestakuntza-proposamen berrirekin. Aurki ezagutaraziko da egutegia. Hauek izango dira proposamen horiek:
- “SEXUA-GENEROA SISTEMA: OINARRIZKO KONTZEPTUAK” (MAILAREN ARABERA KOKATZEA) – Iraupena: 2 aste
- “BERDINTASUNA, EUSKAL ETXEEN KUDEAKETAREN KALITATEZKO ELEMENTUA” – Iraupena: 4 aste
- “INDARKERIA MATXISTAREN PREBENTZIOA EUSKAL ETXEEN BIDEZ: PREBENTZIO ETA JARDUKETA PROTOKOLOEN GARRANTZIA” IKASTAROA – Iraupena: 4 aste
Aurreko urteetan antolatutako prestakuntzen aurreko edizioak kontsultatu nahi dituztenentzat, informazio osoa eskuragarri dago web-atariko FORMAKUNTZA atalean.

