Abenduaren 3an izan zen Euskararen Nazioarteko Eguna. Egun horretako Adierazpen Instituzionalean ekintzailetzak eta boluntariotzak euskararen biziberritzean egin duen ekarpena aitortu da. Euskarak guztiok behar gaituela adierazi nahi izan da, “Bat, bi…ehun, euskararen geroa ehunduz” leloaren bidez.
Horri dagokionez, garrantzitsua da euskararen transmisioaren balioa bere mugetatik harago aitortzea, kanpoko euskal komunitate osoarengana iristeko.
Hizkuntza ezinbestekoa da pertsonen garapenean, pentsamenduarekin oso lotuta dagoelako eta, errealitatea izendatzeaz gain, interpretatu eta kontzeptuen bidez sortzen duelako. Bestalde, gizarte honetan aurrerapausoak egin diren arren, emakumeei eta gizonei balio-sistema, portaera-jarraibide eta rol desberdinak ezartzen zaizkie eta ez dute aitortza sozial berdina izaten, hala, aukera-berdintasuna eta pertsonen erabateko garapena eragozten da, sexua gorabehera. Hizkuntza eraikuntza soziala denez, egoera hori islatu eta indartu egiten du, baina aldaketarako tresna ere bada.
Euskarak genero-markarik ez izan arren, gaztelaniak edo beste hizkuntza batzuek ez bezala, ez du esan nahi hizkuntzaren erabilera sexistarik egiten ez denik. Errealitatea konplexuagoa da. Hartu gogoan, adibidez, euskaraz eta gaztelaniaz hitz egiten dutenak. Ezin dugu pentsatu hizkuntza batean jarrera ez sexista dutenik eta bestean sexista. Berri ona da hizkuntzak ez gaituela behartzen modu desegokian adieraztera.
Horri dagokionez, kontuan izan behar dugu hizkuntzarekin lotutako aldaketak pixkanaka izaten direla eta kontzientzia hartu beharra dagoela horretarako. Badira aldaketa horretan lagun gaitzaketen tresnak – Komunikazioa – Berdintasunerako eskola atalean hizkuntzaren erabilera inklusiborako gomendio batzuk dituzu.