
Emakundek, hiru foru-aldundiek eta EUDELek bultzatutako Emakumeen Nazioarteko Egunak feminismoak gizartean duen rol eraldatzailea aldarrikatu du «NI FEMINISTA NAIZ – Feminismoa zurekin doa» lelopean 2025eko martxoaren 8ko kanpaina instituzionalak. Kanpaina horren bidez, berdintasunaren arloan lortutako aurrerapena aitortzen da, baina, era berean, oraindik ere erronka garrantzitsuei aurre egiten jarraitu behar dugula azpimarratzen da.
Euskal Etxeek, mundu osoan banatuta dauden euskal kulturaren, topaketaren eta nortasunaren gune gisa, aldarrikapen horrekin bat egin dute, eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko hausnarketa sustatzen duten kultura-, hezkuntza- eta komunitate-jarduerak antolatu dituzte.
Egindako jarduera horietako batzuk izan dira hitzaldiak, ibilaldiak, berdintasunaren inguruko zinema-zikloak eta beren komunitateetan erreferente izan diren emakumeei egindako aitortza. Euskal Etxeek antolatutako jarduerei buruzko informazio gehiago eskura dezakezu webguneko atal honetan: Jardunbide Egokiak.
Ekintza horiek, feminismoaren balioekiko konpromisoari eusteaz gain, Euskal Etxeek komunitate berdinzaleagoak, askotarikoagoak eta solidarioagoak eraikitzeko eragile aktibo gisa betetzen duten zeregina indartzen dute.
Desberdintasuna ukatzen duten edo berdintasun-politikak zalantzan jartzen dituzten diskurtsoak berpizten diren testuinguru global honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da pedagogia egitea, kontzientzia kolektiboa sortzea eta komunitate eta kultura esparrutik ekimen eraldatzaileak bultzatzen jarraitzea.
Aurtengo leloak dioen bezala, feminismoa zurekin doa… eta baita Euskal Etxeekin ere, berdintasuna beren proiektuaren funtsezko zati bihurtu baitute.
