Maite Bengoa Tejería, Montevideoko (Uruguai) Haize Hegoa Euskal Etxeko lehendakaria
Maite Bengoa Tejería, Montevideoko (Uruguai) Haize Hegoa Euskal Etxeko lehendakaria da 2009az geroztik eta, liderra izateaz gain, komunitatea eraiki ere egiten du. Ibilbide luzea du erakundean, eta oso garrantzitsua izan da emakumeen zeregina indartzeko diasporako euskal espazioan. Elkarrizketa honetan, lidergoa eta berdintasuna nola ikusten dituen kontatzen du, baita emakumeek bizitza kolektiboan duten partaidetzaren balioa ere.
Maiteri elkarrizketa
Noiztik du Euskal Etxeak emakume bat erantzukizuneko postuetan, lehendakari edo lehendakariorde gisa, adibidez? Nola eragin du horrek emakumeek erakundean bete izan duten edo gaur egun betetzen duten rolean, bereziki erabakiak hartzeari eta kudeaketari dagokienez?
Haize Hegoa Euskal Etxea duela 36 urte sortu zuten, eta emakumeen presentzia nabarmena izan du beti Zuzendaritza Batzordean. Erakundearen historian zehar, kargu garrantzitsuetan egon dira: lehendakariordetza, idazkaritza, diruzaintza eta erantzukizuna dakarten beste funtzio batzuk.
Lehendakaritzan dihardut 2009tik hona. Ezin dugu berez parekidetasun formalaz hitz egin, baina, egia esan, Zuzendaritza Batzordean emakume gehiago daude gizonak baino.
Erabakiak adostu egiten direnez, elkarrizketarako eta komunikaziorako ahalegina egin behar da etengabe, ez baitira hierarkiak. Gainera, bultzatzen diren jarduera gehienak (dantza, gastronomia, kirolak, kultur dibulgazioa…) emakumeen gidaritzapean egiten dira. Proiektuak kudeatu ez ezik, Euskal Etxearen erritmoa eta zentzua markatzen dituzte.
Zure Euskal Etxeak ardura-karguetan emakume bat duenetik, genero-berdintasuna txertatu duten programak, lan-planak edo jarduera espezifikoak garatu al dituzue, eta horrek nola laguntzen du gaur egun berdintasun-balioak sustatzen?
Gure Euskal Etxea gazte samarra da, eta herrialdeko legezko esparruen barruan dago hasiera-hasieratik. Horiei jarraikiz, diskriminazio oro debekatuta dago izaera juridikoa duten erakundeetan. Arau hori zorroztasunez betetzen dugu.
Ekimen guztiek babes eta gogo bera jasotzen dute, proposamena egiten duenaren sexua zein den axola gabe. Lehenago esan bezala, jardueretako asko emakumeek kudeatzen dituzte. Beren proiektuak aurkeztu ondoren, babes ekonomikokoa eman zaie eta lan komunitarioarekin ere lagundu da.
Belaunaldi guztiek parte hartzen dute: haurrak, gazteak eta adinekoak elkarrekin bizi dira elkarrekiko errespetua eta elkarlana nagusi diren espazio honetan. Mesedegarria izan da komunitate irekia, plurala eta berdinzalea sendotzeko.
Berdintasunari dagokionez, zer erronka du aurrean Euskal Etxeak? Nola aurre egingo zaie erronka horiei eta etorkizunean izango diren aukerei?
Gure erronka nagusia berdintasun- eta errespetu-politikei eustea da, erakundean aritzen diren edo parte izan nahi duten guztiekiko. Beste erronka handi bat da gazteak sartzea erabakiak hartzeko espazioetan eta Zuzendaritza Batzordean. Lekukoa haiek hartzea nahi dugu, euskal kultura aztertu eta hedatzeko printzipioekin jarraitu dezaten.
Gure xedea beti izan da gazteak ahalduntzea, erakundearen barruan haztea, beren proiektuak bultzatzera ausartzea eta egunero eraikitzen dugun egitura komunitarioaz gozatzea.
Zein da hori lortzeko gakoa? Ahots guztiak entzutea eta pertsona guztiek ekarpen baliotsua egin dezaketela irmoki ustea, sexua, adina, arraza edota sinesmenak alde batera utzita.

Zer esan nahiko zenieke zure moduan Euskal Etxeetan komunitatea eraikitzen ari diren beste emakume batzuei?
Jakin badakit ezen, Euskal Etxe askotan, emakumeek egiten dutela eguneroko lana. Eta, zuen baimenarekin, poesiaz baliaturik, haiek dira motorra. Emakume horiek adoretu nahi ditut, erabakiak hartzeko lekuak ere hartu ditzaten. Oraindik inertzia patriarkalak darizkien estatutuak eta egiturak zalantzan jarri behar dituzte, emakumeak laguntzaile soilak zirelako horietan, edo norbaiten emazteak, edo lagun egiteko damak.
Ahots guztiak entzuten ez diren eta boto guztiak zenbatzen ez diren euskal zentroetan, tematzeko adorea eman nahi diet, goragoko mailetako organismoei laguntza eskatzeko eta, beharrezkoa denean, salatzeko. Herrialde gehienetan, diskriminazioa debekatuta dago, baina lerro artean ezkutaturik jarraitzen du zenbaitetan. Hala ere, ahalegin guztiaren ordaina gure ideiak gauzatu direlako poza da, esperientzia handitzeko poza, gurea sentitzen dugun komunitate bat indartzeko poza. Hori bai, ingurukoek entzuten digutela, balioa ematen digutela eta lana aitortzen digutela ere sentitzen badugu soilik.