
Milagros Ibarbia Trelewko (Argentina) Haraneko Euskal Etxeko lehendakaria
Milagros Ibarbia Trelewko (Argentina) Haraneko Euskal Etxeko lehendakaria da 2023az geroztik. Erakundeak 30 urtetik gorako historia du, eta orainaren bereizgarriak eraldaketa eta partaidetza aktiboa dira. Espazio horretan, emakumeei esleitu ohi zaizkien funtzioak alde batera utzi dira eta askotariko pertsonek rol estrategikoak hartu dituzte beren gain. Testuinguru horretan, Milagros Ibarbiaren lidergoak jarraitutasuna ematen dio bidea zabaldu zuten beste emakume batzuek abiarazitako prozesuari. Elkarrizketa honetan azaltzen du zein izan den bere ibilbidea, zein diren erronkak eta nola eraikitzen den Euskal Etxea berdinzaleagoa, inklusiboagoa eta sakonki komunitarioa, genero-begirada darion kudeaketaren bidez.
Milagrosi elkarrizketa
Noiztik du Euskal Etxeak emakume bat erantzukizuneko postuetan, lehendakari edo lehendakariorde gisa, adibidez? Nola eragin du horrek emakumeek erakundean bete izan duten edo gaur egun betetzen duten rolean, bereziki erabakiak hartzeari eta kudeaketari dagokienez?
Chubuteko ipar-ekialdeko euskal zentroak, Haraneko Euskal Etxeak, 31 urteko ibilbidea du dagoeneko. Emakumeak erakundearen bizitzaren partaide aktibo izan dira hastapenetatik. Hala ere, batik bat ekitaldian antolatuz eta laguntzatzat jo ohi ziren zereginak gauzatuz parte hartu izan dute luzaroan. Haatik, Euskal Etxearen lehendakariordetza emakumeek hartu zuten 1996tik aurrera: Laura Ercoreca de Hompanera (1996), Eve Libertad Moya de Arredondo (2000), Ana Beatriz Arroqui (2004) eta María Aurora Allo (2008).
Aldi berean, 2005era arte aktibo egon zen damen azpibatzordeak oso rol garrantzitsua izan zuten ekitaldi sozialak, elkartasun-kanpainak eta funtsak biltzeko ekintzak antolatzen.
Egiazko inflexio-puntua 2021ean iritsi zen, emakume baten erakundearen lehendakaritza bere gain hartu zuenean aurrenekoz: Natalia Suárez Caminoa izan zen, hain zuzen ere. Urte berean, gainera, osaera parekidea izan zen lehenbiziko aldiz: Zuzendaritza Batzordean erabakimena zuten karguen % 50ean emakumeek ziharduten. Lehendakaritza 2023an hartu nuen ekitaldi sinboliko batean, eta lehendakariaren makila jaso ere egin nuen. Legatu hori beste emakume baten eskutik jaso nuen, egindako bideari jarraitutasuna emanez hartara. Gaur egun, erabakimena duten karguen % 75ean emakumeak daude.
Prozesu horrek espazio berriak hartzea baino askoz gehiago ekarri zuen: Euskal Etxearen barruan esleitu ohi zitzaizkigun rolak sakonki eraldatzea. Etxearekin lotutako lanetatik (janaria prestatzea, garbitzea, txukuntzea eta jantzi tipikoak egitea) beste zeregin batzuetara igaro ginen: proiektuen buru izan, baliabideak kudeatu, erakundeekin loturak ezarri, finantzazioa bilatu eta ekintzak komunitateari ezagutzera eman.
Gaur, berdintasuna balio nabaria eta egunerokoa da Hareneko Euskal Etxean. Eta ikusi egiten da erabakiak hartzeko moduan, proiektuak diseinatu eta aurrera ateratzeko moduan eta eraikitzen ditugun loturetan. Partaidetza ez du generoak baldintzatzen, konpromisoak eta komunitateari ekarpenak egiteko egiazko gogoak baizik.
Zure Euskal Etxeak ardura-karguetan emakume bat duenetik, genero-berdintasuna txertatu duten programak, lan-planak edo jarduera espezifikoak garatu al dituzue, eta horrek nola laguntzen du gaur egun berdintasun-balioak sustatzen?
Haraneko Euskal Etxean emakumeok ardura-karguak hartzen hasi ginenetik aurrera, genero-berdintasuna hitz soilak ez izateko apustua egin genuen. Aitzitik, ekintza zehatz eta egunerokoak izatea nahi dugu. Sarritan aldaketa txikiak diruditen arren, jakitun gara etxeko lanen eta zaintzaren banaketa desparekoa oztopo bat dela oraindik emakumeen benetako partaidetzarako. Horregatik, Zuzendaritzako Batzordearen bileren ordutegia aldatu genuen eta haurrentzako jarduera kulturalak antolatu genituen aldi berean, emakumeek seme-alabekin batera parte hartu ahal izateko. Neurri errazak dira, baina erakundean benetako berdintasunarekin dugun konpromisoa erakusten dute.
Era berean, egiturazko eraldaketak bultzatzen ditugu; esate baterako, estatutuaren erreforman funtsezko printzipio hau txertatzea: politika, arraza eta erlijioa alde batera uztea eta, horrekin batera, generoak edo beste arrazoi batzuek eragindako edozein diskriminazio-forma debekatzea. Erabaki hori oso garrantzitsua izan zen erakunde irekiagoa, pluralagoa eta inklusiboagoa eraikitzeko.
Urte luzetan, emakumeek bizitzarako eta Euskal Etxeak irauteko ezinbestekoak ziren zereginak egin zituzten, merezi zuten aitorpenik jaso gabe maiz, ordea. Egundoko ekarpen horren omenez, lauburu bat (euskal identitatearen ikurra) ematen dugu urteko Euskararen Egunaren esparruan, Haraneko Euskal Etxearen kudeaketan nabarmentzen direnen lana aitortze aldera. Sari horiek jaso dituzten emakumeek gure Euskal Etxea sostengatzen eta indartzen dute beren lan boluntarioarekin eta konpromisoarekin. Emakume hauek dira: Graciela Ercoreca (lehendakariordea), Tesoro Arroqui (sortzailea), Andrea Criado (irratsaioaren gidaria) eta María Esquiroz (diruzaina), besteak beste.
Gure kudeaketaren beste ardatz nagusi bat luzaroan itzalean egon diren emakumeak ikusgai egitea da. Gure irratsaioa, Euskal berria, LU20 Radio Chubuten igortzen da, eta emakumeen ahots ugari daude hartan: akademikoak, idazleak, aktoreak, beste euskal etxe batzuetako zuzendariak eta espezialistak (euskara, gastronomia, dantza, turismoa, genealogia…). Halaber, erakundeetan ibilbidea izan duten emakumeak ere elkarrizketatu ditugu; adibidez, FEVAko lehendakari ohia eta Eusko Jaurlaritzako ordezkari ohia. Generoarekin lotutako gaiak jorratzen ditugu, gainera. Adibidez, Euskal Herriko sorginen memoria, errepresio frankista euskal emakumeen artean eta Juana Azurduy eta Macacha Güemesen figura historiatik berreskuratzea, besteak beste.
Nire aburuz, genero-begirada duten emakumeen lidergoak prozesu irekiagoak, horizontalagoak, inklusiboagoak eta kolaboratiboagoak eraikitzea dakar. Gure erakundean, plangintzako partaidetza-jardunaldi bat sustatu genuen. Zehazki, bazkideak, irakasleak, artistak eta euskal kulturan interesa duten pertsonak bildu ziren, Euskal Etxearen erronkak modu kolektiboan pentsatzeko eta proposamen zehatzak diseinatzeko. Barrurantz nolako loturak dauden ere aldatu da: orain, balio handiagoa ematen zaio talde-lanari, lidergoa partekatzen da, norbere denborak errespetatzen dira eta elkar zaintzen dugu.
Emakumeak erabakimena duten roletan sartzea ez zen izen-aldaketa soila izan, baizik eta eraldaketa sakon baten hasiera. Kontua ez da leku bat hartzea soilik, baizik eta jokoaren arauak aldatzea pertsona gehiago horren kide senti daitezen.
Berdintasunari dagokionez, zer erronka du aurrean Euskal Etxeak? Nola aurre egingo zaie erronka horiei eta etorkizunean izango diren aukerei?
Bikoitza da aurrean dugun erronka: alde batetik, lortu dugun guztiari eustea eta babestea, eta irekitzeko horrenbeste ahalegina egin behar izan genuen espazio haiek zaintzea. Eta, bestetik, oraindik aurrera egitea falta den eremu berriei adi egotea, emakumeen parte-hartzea zabaltzen eta indartzen jarrai dezakegun proiektuak edo arloak sortzen direlako etengabe.
Gainera, euskal kultura zaintzeaz gain, tokiko komunitatearekin konpromiso aktiboa hartzen duen erakundea garen aldetik, ez dugu baztertzen etorkizunean emakumeentzako ekimen espezifikoak bultzatzeko aukera. Autonomia ekonomikoa eta emozionala sustatzen duten lan-prestakuntzako proiektuak, tailerrak edo euste-espazioak dira gara ditzakegun proposamenetako batzuk, generoaren gaia lantzen ari diren beste erakunde batzuekin elkarlanean.
Zer esan nahiko zenieke zure moduan Euskal Etxeetan komunitatea eraikitzen ari diren beste emakume batzuei?
Merezi duela esan nahi diet. Bidea beti erraza ez izan arren, elkarrekin eginez gero, posible dela. Gure euskal etxean, Haraneko Euskal Etxean, ez zen erraza izan emakumeak erabakiak hartzeko eremuetara gehitzeko prozesua. Gogoan dut Natalia Suarez Camino presidente izateko hautagaitza aurkeztu genuen unetik oso etapa gogorra hasi zela: barne-erresistentziak, izen ona galaraztea, erasoak… baita salaketa bat ere. Pertsonalki zein kolektiboki, neke handia eragin zigun garaia izan zen.
Baina eratzen asmatu genuen emakumeen sarea izan zen guri eustea lortu zuena. Sororitatea indar zehatz eta ukigarri bihurtu zen. Arantxa Anituak, FEVAko kideak, eta Edith Terenzik, Chubuteko senatari nazionalak, emandako babesa ditut gogoan. Baina gurekin izan ziren Euskal Etxeko beste hainbat kide ere gogoan ditut: gure iritzia entzuten, gure esperientziak balioztatzen, aholkua ematen eta, gehiago ezin genuela sentitzen genuenean, gure euskarri izaten. Emakumeok gure artean lehiatzen garela dioen estereotipo zahar hori oraindik ere entzuten den bitartean, errealitateak beste gauza bat erakusten du: taldean lan egiteko gai gara, laguntza-sare sendoak eraikitzeko eta komunitatean aurrera egiteko gai gara, ez lehian, lankidetzan baizik.
Elkarri emandako babes hari esker, zerrenda bat aurkeztu eta demokratikoagoa eta osasungarriagoa zen erakunde-eredurantz aurrera egin ahal izan genuen. Eta gaur, denborak emandako ikuspegiarekin, uste osoarekin esan dezakegu: merezi zuen.
Beste zerbaiten ere argi adierazi nahiko nuke zerbait: une hartan, ez zegoen laguntza eman ziezagukeen estatu mailako inolako programarik. Garrantzitsua da arazo horiek ikusgai jartzea, baina ez da nahikoa. Premiazkoa da benetako babes-mekanismoetarantz aurrera egitea, protokolo eraginkorrekin eta indarkeria erabiltzen dutenentzat ondorio zehatzekin. Mingarria izan zen indarkeria erabili zuten pertsonek, parte hartzen jarraitzeaz gain, Euskal Etxe berriak edo beste kultur erakunde batzuk sortu zituztela ikustea, jardunbide haiek berak errepikatuz. Beharrezkoa da tresna instituzionalak egotea, modu argi eta irmoan, indarkeria erabiltzen duten horiei ateak ixteko.
Euskal Etxeetan gaur egun komunitatea eraikitzen ari direnek gauza bat esan nahiko nieke: ez zaudete bakarrik. Parte hartzea eraldatzeko modu bat da, txikitatik esku hartzeko modu bat, kolektiboa denean handi bihurtzen dena. Proiektu komun baten parte izateak errotu, indartu, ahaldundu egiten gaitu.
Gaur egun, emakumezko lehendakariak gara gure aurretik beste emakume batzuek bideak irekitzera eta pausoak ematera animatu zirelako. Eta gu ate horiek irekitzen jarraitzeko gaude hemen, beste askok ere zeharkatu ahal izan ditzaten.